XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Donibane Lohitzunekoa naiz ni.

- A, anitz jende dator handik, ez hona, erran nahi baitut herrira eta... baina hi Joxearengana itzuliz, zer probintzikoa haiz? - Gipuzkoakoa.

- Gipuzkoakoa!- aurpegia argitzen zitzaion, eta begi txinparten indarrez betazaletako ximurrak desagertzen zitzaizkion.

Gero, hasperen luze batekin, honela zerrakien:- Aita nuen nik Gipuzkoakoa... gutxi oroitzen naiz, nik lau urte nituelarik alde egin baitzuen, Ameriketara - luzez mintzo behar denaren tankera hartzen zuen; Joxek eta Mayik jan, edan eta gela ornatzen zuten muebleak eta argazkiak begiratzen zituzten tarteka. -Ataundarra hain zuzen, sortzez ataundarra, ez eta bihotzez, bihotza zabalegia baitzuen sorterriari sekulakoz atxikia gelditzeko, eta etxeko seme nagusia izan arren, hamazazpi urtekin joan zen baserritik ihesi, ene ama gaixoari erranen zionez, gurasoak saminean utzirik, ez baitzien deusik ere erran, tupustean eta esku hutsik joan zen eta gaurdaino, ai, eta gero ikustera joan zitzaienean...!

Agi denean, hamasei urte zituela hasi zen Nafarroako mutiko gazte eta hain gazte ez ziren batzurekin ibiltzen, eta harrezkero etxean geroago eta okerrago, bi bide bazituen eta hautatu beharrik: etxekoa, anitz sufrimentu baita laborari etxe batean, eta haatik badakizu ez zarela gosez hilen aziendarekin eta, pentsa gabeko ondikorik gertatu ezik; eta zein zen ene aitak zuen bigarren bidea? Kontrabandoarena!

Arrisku gehiago, baina pasa eta gero urte gutitan aberats bilakatzeko ahala; ez da hautabide erraza, hein batean zenbat gizon ikusi dut gero!, orotaz ezin oroitu... ene aita mutiko odol-beroa baitzen, ez zuen bere burua Ataungo txokoan zerraturik ikusten, eta kontrabandoa hartu zuen bizimoldea.

Hura ez zen normala garai haietan, etxean geratzen ez zena Ameriketara joan ohi zen, baina aita ez zen Euskal Herria aisa uzten dutenetarikoa, eta Nafarroako adiskide saldo hura muga lanetan aritzen zenez, mugaratu zen bera ere, eta Beran hasi zen bizitzen, ospe handiko kontrabandista baten etxean mutil; haseran, besteen behean, noski, gainerakoek bide laster guztiak ezagutzen zituztelako, bera berria izaki; baina, aski temosoa baitzen, zenbait hilabeteren barnean ez zen Bidasoaldean bera bezalako muga lapurrik, (...).